XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Handik laster, agure galiziar hari bezala, niri ere begiak kresaltzen hasi zitzaizkidan; bere jitoan inora ez doan ontzi zulatuari nola, hala sartzen zitzaidan neure baitan itsasoa: emeki baina gupidagaitz, noiz hondoratuko zain.

Biharamunean, poltsikoko helbide zimurtuari heldu nion.

Puerto Ayacucho aldera abiatu nintzen.

Zalgurdiko gidaria jator eta atsegin zitekeen, etengabeko purrustadak, korrokadak eta hainbat motako putzengatik izan ez balitz.

Ezin esan dezaket bidaia zoriontsua izan zenik, buruko aztoramenduari bide eskasa eransten baitzitzaion.

Hauts zirimolak zalgurdiko zirrikitu ttikienetik sartzen zen, niri eztul eginaraziz, eztula ia itotzeraino ere.

Nola edo hala zeharkatu genituen hainbat herri: Valentzia, San Juan de los Morros, eta azkenik, San Fernando de Apure.

San Fernandok, mugak oro berdintzen zituen lurralde basati hartan, muga egiten zuen: zingiren muga, oihanaren atari.

Puerto Ayacucho oihanari ebatsitako zabalgune batean kokatua zegoen.

Ez ziren berreunetik pasatuko bertako biztanleak, haatik, aurrerakuntza kutsu bat zerion behinola urre-bilatzaileen herrixka izandako hari.

Txukundade harrigarri bat sumatzen zen bazterretan, (...)